Ondarroako Udala castellano  
Web mapa »  
  HERRI BIZIA  Hemen zaude:   Sarrera »  Herri Bizia »  Lore-jokoak Augustin Zubikarairen omenez »  Lore Jokoak Augustin Zubikarairen omenez
Lore-jokoak Augustin Zubikarairen omenez
 
 
 
 
 
 
 
 
Herriko taldeak
Azokak
Kultura
Lehiaketak
Irakaskuntza
Emakume Zerbitzua
Kirolak
Musika Eskola
Komunikabideak
Garraiobideak
Azpiegiturak
Telefonoak eta e-posta helbideak
»

Lore Jokoak Augustin Zubikarairen omenez

2006ko udazkenean

Ondarroako Udalarentzat lore-jokoak antolatzea da Augustin Zubikarairi eskaini dakiokeen omenaldirik onena. Hurrean ere, egon badago nolabaiteko lotura Augustin Zubikarairen eta lore-jokoen artean.

HISTORIA ARAKATZEN

Lore-jokoak XIX. mendearen erdialdean sortutako mugimendu euskaltzalea izan zen, Iparraldean sortu arren, zazpi euskal lurraldeetan barrena hedatu zena. Lore-jokoak sortzeko arrazoi pisuzkoena euskaldunen artean hedatutako nortasun-krisia izan zen. Nortasun-krisi hori eragin zuten, besteak beste, Iparraldeko gazte askok Hego Amerikara ihes egin izanak eta, Hegoaldean, karlistaldiak amaitu ostean foruek eratorritako askatasunak galdu izanak.

Iparraldeko Antoine d´Abbadie izan zen Lore-jokoen sortzaile eta bultzatzaile nagusi, bere patrikatik ordaintzen baitzituen halako jaialdiak. Hasierako lore-jokoetan olerki-lehiaketak eta herri-kirolak baino ez ziren antolatzen. Hala ere, denborarekin, lore-jokoak euskal kulturako arlo guztien erreferentzi bihurtu ziren. Bestela esanda, lore-jokoek euskal kulturaren berpizkundea eragin zuten. Horrenbestez, literatura, antzerkigintza, musika, bertsolaritza, dantza, irakurketa eta mota guztietako ikerketak bultzatu ziren lehiaketen bidez. Horri esker, asko izan ziren garai hartan ezagutzera emandako euskal artistak. Azkenean, lore-jokoen bidez, nortasun-krisia gainditu ez ezik, euskal kulturari etorkizunaren ateak ere ireki zitzaizkion. Orobat, lore-jokoetan sortu zen «zazpiak bat» gaia, ikuspuntu kulturaletik; izan ere, euskal artistak konturatu ziren euskara zela zazpi euskal lurraldeak batzen zituena.

Augustin Zubikarai eta Lore-Jokoak

Augustin Zubikarai 1914an jaio zen, eta gazte ekin zion euskal kazetaritza zein antzerkigintzari. Gerra zibilak ere gazte harrapatu zuen Zubikarai, ordea. Jakina denez, gerra zibila amaitu zenean, euskal kulturarentzat laino ilunak nagusitu ziren. Alabaina, Zubikaraik, ahal zuen neurrian, euskararen alde lanean jarraitu zuen, kultura- eta erlijio-taldeetan buru-belarri beti. Bidegile aparta izan zen. Egin-eginean ere, parrokietako eta erlijiosoen ardurapeko aldizkarietan aurkitu zuen babesik aproposena Zubikarairen lumak. Bata bestearen atzetik sortu zituen hainbeste bertso, olerki, artikulu, ipuin, esaunda zein antzerki-lan.

Lore-jokoen antzera, Augustin Zubikarai ere, beste idazle eta adiskide garaikide batzuekin batera, euskal kulturaren bigarren berpizkundearen benetako motorra izan zen. Idazle oparoa izan zen, literatura-genero gehienak jorratu baitzituen. Historia eta herri jakintza ere ederto jaso zituen han eta hemen. Bestalde, aldizkari sortzaile ere izan zen, Ondarroa urtekaria eta Arranondo herri-aldizkaria izanik horren adibide.

Lore-jokoen zale, lehiaketa askotan parte hartu eta sari garrantzitsuak irabazi zituen. Gainera, lore-jokoek euskal kulturarentzat zuten garrantziaren jakitun, lore-jokoen defendatzaile amorratua izan zen. Esaterako, 1964an, Txomin Agirre idazle ondarrutarraren jaiotzaren 100. urteurrena ospatu zenean, lore-jokoen bultzatzaile izan zen. Gerogarrenean ere, batez ere 80ko hamarkadan, Kultura-etxeko zuzendari zela, lore-jokoak antolatu zituen Ondarroan.

LORE-JOKOAK ONDARROAN

Ondarroan antolatuko ditugun lore-jokoen bidez, Augustin Zubikarai eta euskal kulturak XXI. mendean dituen erronkak uztartu nahi ditugu. Zubikarai bidegile eta bide zabaltzaile izan zen bere garaian. Guk ere gure garaian bidegile eta bide zabaltzaile izan behar dugu. XXI. mendea hasi berri dugu eta hor dugu edozenbat erronka: etorkinen integrazioa, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, ingurumena eta abar. Euskal kulturak badu zeresana horren guztiaren aurrean. Euskal kultura eta, batez ere, euskara nahitaez egokitu behar dira erronka berrietara. Euskal kultura da herri egiten gaituena, berezko eskubideak dituen herri. Euskal kultura da gure herri-nortasuna defendatzeko bide legitimo eta bakarra. Horixe da euskaldunok batu behar gaituena.

Ondarroan nabari-nabariak dira aipatutako erronka horiek guztiak. Herri euskalduna da Ondarroa, nahiz eta etorkin asko izan. Itsasora begira bizi beharrak egin ditu zabal ondarrutarrak. XX. gizaldiaren erdialdean, estatuko etorkin asko etorri arren, gehienek euskaraz ikasi zuten, euren kultura bazter utzi gabe. Ondarroako Galizia-etxea da horren adibide. Gaur egun, beste mota bateko etorkinak datoz gure herrira. Mundu guztitik datoz, pobrezia eta bidegabekerietatik ihesi, mundu hobe baten bila. Une honetan senegaldarrak dira nagusi. Bada, hortxe dugu erronka nagusietako bat. Ez dugu ahaztu behar euskaldunok ere sarri utzi behar izan dugula gure ama-lurra. Makina bat artzain ibili zen Ameriketako mendi galduetan. Gerra-denboran ere asko izan ziren erbesteratuak. Oroitzapen historiko horrek balio behar digu, mundu globalizatu honetan ematen eta hartzen jakiteko. Kultura-aniztasunaren errespetuak eman behar digu nahitaezkoa den globalizazioa beste era batean ulertzeko aukera.

Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean ere aurrera egin behar da, hain zuzen, berdintasun hori egiazkoa izan dadin. Emakumeek gizartean betidanik izan dute presentzia garrantzitsua, baina zoritxarrez, hori ez da aitortu. Gaur egun, lan-munduan zein eguneroko bizimoduan parean izan behar dira emakumeak eta gizonak. Ondarroako Udalak, Emakume-batzordetik, pauso garrantzitsuak eman ditu, baina, azken finean, gizarte guztiak eman behar ditu aurrerapausoak. Hortxe dago beste erronketako bat.

Azkenaldi honetan, ingurumena ere kezka bihurtu da herri arrantzalea den Ondarroarentzat. Bata bestearen atzetik etorri dira arazoak, hala nola, 200 miliak, Espainia Europako Ekonomia Erkidegoan sartu zenean gure arrantzaleei ezarritako tratu-bereizkeria edota arrantza-baliabideen murrizketa ikaragarria. Horren guztiaren aurrean ere neurriak hartu behar dira. Argi izan behar dugu ur-bitsetan genbiltzaneko denborak irago direla. Horra hor beste erronketako bat. Zelan egokitu itsasoak duen egoerara?

Labur-zurrean esanda, erronka horiek guztiak jaso eta erronka horien gaineko hausnarketa bultzatzen ahaleginduko gara 2006ko udazkenean antolatuko ditugun lore-jokoetan. Zazpi euskal lurraldeetako zein mundu guztian zehar dabiltzan euskaldunei lore-jokoetan parte hartzeko gonbita egitea da gure asmoa.

Honako Lehiaketa, Ikerketa eta Beka ezberdin hauek antolatu dira:


  Ondarroa.net © Ondarroako Udala
 Musika enparantza z/g 48700 Ondarroa (Bizkaia)
 Tel.: 94 683 36 72 ·
orokorra@ondarroakoudala.net

Code & Syntax-ek garatutako webgunea Udalerria Web Plataforma erabiliz. 2002.

TESTU HUTSEZKO BERTSIOA | GA