2008-03-06 / 14:26
Euskararen sustapenerako 2008ko dirulaguntzen deialdia zabaldu da.
Euskara sustatzeko asmoz egoitza edo jarduketa-eremua Ondarroan duten pertsonentzako zein irabazi asmorik gabeko elkarteentzako dirulaguntza deialdia zabaldu du Ondarroako Udalak, epea apirilaren 11n amaituko delarik. Ondoren eskabideak Udalaren euskara arloak aztertuko ditu eta hilabeteko epean izapidetu eta erabakiko du.
Deialdiaren helburua Ondarroako taldeei diru-laguntzak ematea da, norgehiagoka erregimenean, 2008. urtean egin edo egingo diren jarduerak garatzeko. Laguntzak ondorengo hiru esparru hauek jorratzen dituztenentzat izango dira: Euskara ondorengoetaratzea (Irakaskuntza, Euskalduntze-alfabetatzea, edo Familia); Euskararen erabilera (Informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriak, Enpresa-mundua, Aisia edo Kirola), eta Euskararen kalitatea (Corpus-plangintza eta euskararen kalitatea, Liburugintza, Publizitatea, Kulturgintza, edo Hedabideak).
Udalak 55.000 euro bideratuko ditu euskara sustatzeko jardueratarako eta jarduera horietako aurrekontu araziaren %70a izango da finantzamendu-muga ekintza bakoitzeko; betiere Udalaren diru-laguntzak eta beste herri-aginteenek gainfinantzamendurik sortu gabe.
Eskabideak Udalak prestatutako eskabide-ereduaren arabera aurkeztuko dira eta bai derrigorrezko agiri zein eskatzaileak interesgarritzat jotzen dituen agirien helburua eskatzailea eta aurkezten dituen proiektuak ahalik eta gehien ezagutzea da.
Diru-laguntzak emateko orduan, honako alderdi baloratuko dira, besteak beste, jardueraren kalitatea eta interesa, Udalak Euskara Biziberritzeko onartutako II. Plangintza Estrategikoaren helburuekin bat egitea, elkarte edo talde eskatzaileak euskararen normalizazio- eta sustapen-jardueretan izandako ibilbidea, jarraipena eta egonkortasuna, programaren oihartzuna eta Udalaren garapenari egiten dion ekarpena, aurkeztutako programaren originaltasuna eta egokiera edo berdintasunaren alde eta arrazakeriaren kontrako konpromisoa azaltzea.
Eskabide-orriak eta deialdia arautuko duten baldintzak Udaleko erregistroan eta euskara sailean eskura daitezke.
|