 |

Turismo informazioa
MONUMENTUAK ETA IBILBIDEAK
Ondarroako udalerriak euskal portuen berezitasunak dauzka soziologiaz nahiz kulturaz. Tokirik xarmangarriena Alde Zaharra da, oso toki berezia da; errez nabaritzen da bertako kaleetan Erdi Arokoak direla, kaleak ezin estuagoak eta aldapak nonahi, ezaguna du arrantzaleen herria dena.
Arrantzaleen Kofradia: Antzinako Kalare Deuna Kofradia, 1920an, Pedro Gimon arkitektoak zuzendutako eraikuntza. Erdi Aroko itxura euki arren, XX. mendekoa da. Zubi Zaharraren ondoan dagoenez, biek batera herriko txokorik ederrenetakoa osotzen dute. Honen azpian, Ondarroako merkatu-plaza dago.

Likona Dorrea: Alde zaharrean bertan dago, XV. mendekoa da. Babes-etxe baten eredu klasikoa da, bere estiloan, zaharrenetako bat, Euskal Herrian. Loiolako Inaki Deunaren ama bertan jaio zen.
Etxe Handia Dorrea: Alde Zaharrean dago, Likona dorretik hurbil. Luxuzko hiri jauregi bat izan behar zen XVI. Mendean. Goreneko pisuetan oraindik ikus ditzakegu balkoi lehio arku zorrotzak, gezi-lehioak, eta hirugarren pisuan, lehio ojibalak.
Andra Mari eliza: (1462) haitz baten gainean eraiki zen. Gainbehera-gotikoa da eraikuntza, elementu deigarrienak hauek dira: trazeria flamigeroko leihoak, pinakuluak, xapitelak eta fatxadan, arrosetoia. Eraikinaren goienean, elizako elementurik adierazgarriena eta bitxiena ere bai: borgonoi gorte baten irudiak “kortxeleko mamuak” izenaz ezagunagoak. Behin baino gehiagotan eraberritu bada ere antzinako itxurari eusten dio elizak.
Aita Piedadearen kapera: Ermita txiki baten antzekoan gordeta dago Aita Eternua, zubi zaharraren beste aldean. Oso antzinakoa XIV. mendekoa, 1947an barriztatu zen. Berau zen herriko sarrera nagusienetako bat. Antzinatik, Gipuzkoarako bidean geldiune bat egiten zuten erromesek haren babesa eskatzeko.
Udaletxe zaharra: Eraikin interesgarri bat da, herriko gainontzeko etxeetatik bereizten dena fatxada toskanarra daukalako, XIX. mendekoa. Elizaren aurreko fatxadari itsatsita eraiki zen. Toki honetatik ikusten dira jatorrizko kale nagusiak, Alde Zaharra deritzoguna: Kale Handia, Goiko kalea eta Ipar Kalea. Hiruren artean herriko historiaren erdigunea osotzen dute.

Antiguako Ama eliza: Udaletxe zaharraren ondotik abiatzen den aldapa handia hartuta ailegatzen da eta, handik goitik, ikuspegia zoragarria da. XII. mendeko eliza da nahiz eta 1750ean berreraikia. Eliza honetako Antiguako Amaren irudia duela zortzi mendetakoa da eta ondarrutarrentzat, oso esanguratsua. Antiguarako bidean ere baseliza eder bi daude: San Juan eta Santa Klara, honaino, oinez bakarrik heldu daiteke. Aintzinean, alkate barriaren aukeraketa, eliza honen atarian egiten zen, urtero, Urte Barri egunean, haritz baten azpian.
Ondarroatik Berriatuarako bidea eginez gero, San Juan Bataialariaren baseliza ikusgarria aurkitzen da, Aranzibi dorre-etxearen ondoan. Bertako paisaian, aipagarriena da Santa Kutz haitza. Arkeologia gustokoa dutenek ostera, Goikolau kobazuloa eta Armiñako hobi paleolitikoa ikusi behar dituzte. Gomendatzeko moduko beste ibilaldi bat Milioi gainera igotzea da, bertatik panoramika ikusgarria da.
Untziola edo Astilleroa antzina zegoen tokian, orain kirol-untzien portua dago, Astilleruko pasialekuaren hasieran. Eta hortxe bertan dauka ere bai, herriko Arraun Elkarte historikoak bere egoitza.
|
 |
 |
 |