 |

Jaiak
JAI NAGUSIAK: ANDRAMAXAK
Abuztuaren 14tik 17ra dira Ondarroan Jai Nagusiak Andra Mariaren omenez.
ANDRAMAXAK. Egunik handiena 17a da, Arrantzale Eguna. Herri osoa mahonezko urdin erropekin kaleratzen da, arrantzaleen lanerako betiko erropekin. Elkarte gastronomikoetan marmitakoa egiten dute (atunaz egindako lapikokoa. Bigarren platera, atun errea edo atuna kipulagaz izaten da. Jaietan oso ezagunak dira Leokadi eta bere kortejua, estropadak, kukaņa, antzarrak eta kaleko giro berezia eta euskalduna. Txosnak, herriko gune bi hartzen dute eta, jaien barnean, kontutan hartzeko zatia dira.
2003ko jaien egitaraua, hemen daukazu
Gainerako jaiak
Euskal Herriko ohiturei jarraituz, nagusienak hauexek dira:
- Santa Ageda bezpera : herriko umeak eta abeslariak kalez-kale ibiltzen dira santa eskean.
- Inauteriak. Karnabal zapatu iluntzean Lantzoia ateratzen da, euren buruak jauntxotzat dituztenei barre egiteko eta lantzoia deitu aurpegira. Karnabal martizenean herriko ume guztiak ateratzen dira kalejiran eta herri osoa zeharkatzen dute. Ikuskizun ederra hauxe. Martizen gauean, Akularen enterrua izaten, ostean Zubi Zaharretik behera botatzeko. Uretara bota baino lehen, obispoak letaniak irakurtzen ditu: gauza txarrak eroan eta ederrak ekartzeko eskatzen zaio Akulari.
- Aste Santuak: Aita Piedadeko Aita Eternu kalera ateratzen dute prozesioan eguazten santu arratsaldean. Bariku santu goizean barriro bere kaperara itzultzen dute. Ostean Santa Kurutz mendiko baselizara igotzen dira herritarrak Jesukristoren 14 egonaldiak gogoratzera. Bide osoan zehar, 14 gurutze daude, ibilaldi honen seinale.
- San Juan bezpera gaueko suak (ekainaren 23an). Urteko gaurik luzeena, gau majikoa bihurtzen da. Lorak banatzen dira Alamedan izpiritu gaiztoei aurre egiteko, eta amaitzeko, suaren bueltan dantzan egiten da, garbitasuna irudikatzeko.
- Santa Zezili (azaroaren 22an). Ondarroa herri musikaria da. Egun honetan herriko musika eta abeslariak kalez kale ateratzen dira.
- Santo Tomas (abenduaren 21ean). 2001ean Zubi Zahar Ikastolakoek, Ondarroarako egun hau berreskuratu nahirik, txorizo egosiak eta sagardoa banatzen ibili ziren Alde Zaharrean.
- Gabonak (abenduaren 24tik urtarrilaren 6ra). Olentzero eta errege magoak umeen nahiak betetzen dituzte.
Baina beroekin batera Ondarrutarrek euren jai propioak sortu dituzte kale edo auzoka:
- Ekainaren 4tik 8ra: Kale Handiko Jaiak. Buruhandiak eta tanborrada dira jaietako ekitaldi nagusiak. Kaleko nagusien omenezko bazkaria. Kalandi Kultur Elkartearen eskutik.
- Ekainaren 8an: Kamiņazpiko Jaiak. Egun osoko festa. Kontzertuak eta gazteentzako topagunea. Kamiņazpiko Jai Batzordeak antolatuta.
- Ekainaren 15ean, Iparkalekoen Eguna. Auzokoen bazkaria
- Ekainaren 22an, Astillerukoen Eguna. Auzoko LaPandillikoen bazkaria.
- Ekainaren 24an. San Juan Jaiak Gorozika auzoan. Baserri giroko festa. Euskal dantzak, bertsolariak eta erromeriak nagusi
- Ekainaren 28an. Zapato Azule. 1998an, Bolo-bolo herri aldizkarikoek sortu zuten jai hau Alde Zaharra indartzeko asmoagaz eta aspaldiko San Pedro eguna era barrituan berreskuratzeko. Jai honen barruan txitxarroak, taloak eta giro bikaina. Ondarrutartasunaren jai leihoa da. Festa honen barruan Euskal Herriko kamiseta azoka egiten da Plaza Gainean (Zubi Zaharraren alboan) eta Dinamartxa antolatzen da, bizikleta martxa, Tolosatik Ondarroaraino, Dina Bilbao ondarrutar triatleta ospetsuaren omenez. Egun honetan, derrigorrezkoa da mahonez edo arrantzale janztea.
- Ekainaren 29an, Kanttoipekoen eguna. Auzokoen bazkaria.
- Uztailaren 25etik 28ra. Santixa Jaiak. Galiziarrak eta Galiziar jatorrikoak ugariak dira Ondarroan. Ondarroako Galiza Etxeak Santiago Apostoluaren omenez galiziar giroko jaiak antolatzen ditu. Euren jakiak dastatzeko aukera egoten da: lakoia, enpanada, olagarroa eta Ribeiroko ardo finak.
- Uztailaren 31n, San Inazio Jaiak. Loiolako Inazioren ama Ondarroan jaio zen Likona Dorrean. Horregatik Kalandi Kultur Elkartekoek Likona Dorreko ingurua Erdi Aroko banderez eta ikurrez jazten dute.
- Abuztuaren 6an. Pikupe Jaiak. Auzo hau Mutriku izan arren ondarrutarrak ugari bizi dira bertan. Umeen tanborrada egiten dute eta auzokoen afaria.
- Abuztuaren 10ean, Asterrikako San Lorentzo Jaiak. Baserri giroko jaiak. Bertsolariak, euskal dantzak, herri kirolak eta erromeria nagusi.
- Abuztuaren 11, Kalare Deuna Eguna. Santa Klara ermitan festa ospatzen da: meza, dantzak eta ardo gozoa banatzen da gozoekin.
Jai eta ekitaldi zehatzen berri gaurkotuak izateko, kontsultatu egutegia eta albistegia
|
 |
 |
 |