Ondarroako Udala castellano  
Web mapa »  
  EKONOMIA  Hemen zaude:   Sarrera »  Ekonomia
Behargintza Artibai
Ondarroa 2010 Plangintza Estrategikoa
Enpresa ideien lehiaketa
Ondarroa Lantzen
Konekta Zaitez Gunea
Ondarroako portuko enpresak
Merkataritza: Zatozte
»

Ekonomia

Ondarroako ekonomian lehen sektorea da nagusi. Nagusitasun hori arrantzatik dator, arrantza baita beste jarduera guztiak baino pisu handiagoa hartzen duena; lehen sektoreko jarduera guztiak kontutan izanda ere nekazaritza eta abeltzantza %8a besterik ez dira. Arrantzak berak garrantzia eduki ezezik bere inguruan sortutako beste jarduera batzuk ere aipatu behar ditugu, batetik, zuzenean arrantzari lotuta daudenak, esate baterako: kontserbagintza, eta bestetik, zuzenean ez bada ere haren itzalpean sortutako lantegiak, metalgintza eta tailerrak, hain zuzen. Zerbitzu sektorea bera ere administrazio arloa izan ezik, arrantzari nahiko lotuta agertzen zaigu, herriko arrantzaleen erakundeak eta antzekoak horren adibide dira.

ARRANTZA SEKTOREA

Ondarroa herri arrantzalea izan da beti. 1327an hiria sortu zeneko agirian ere hala agertzen zen.

Arrantzaleek elkartzeko joera eduki dute, belaunaldiz belaunaldi. Santa klara arrantzaleen kofradia aspaldiko elkartea da, baina ez dago zehazterik zein urtetan sortu zen, batzuen ustez, 1400 urte inguruan sortu zen. 1909an kofradia bi ezagutu ziren, arrantzarekin zerikusi ez zeukaten iskanbilengatik kofradiako lagunak sakabanatu, eta ondorioz bigarrena sortu zutelako, San Pedro izenekoa. Baina biak elkartu ziren berriro 1927an, Santa Klara kofradia bakarrean.

Herriko arrantza mota bakarra 1935a arte bajurako arrantza izan da, handik aurrera hasi zen alturako arrantzan, eta 1940an garrantzi handia hartu zuen.

Ondarroako portuak, batez beste, 4 m.ko zingoa dauka, eta kaiak, metro asko luze. Arrantzarako portua da, zalantza barik, eta arrantzaren nagusitasuna nabaritu egiten da herritar asko ari direlako arrantzarekin lotutako lanetan (untzijabeak, mekanikariak, lemazainak, makinetako ofizialak, e.a.). Arrazoi berarengatik, merkantzia trafikoa, berez, oso gutxi da.

INDUSTRI SEKTOREA

Azpimarratu behar dugu arrantza jardueraren menpe daudela industri jarduera gehienak, nahikoa da lantegietako jardueren zerrendari begiratzea horretaz konturatzeko, oro har, kontserbak eta elikagaiak ekoizten dituzte lantegi gehienek; Freskoan saltzen diren arrain guztiez gain, kontserbagintzan, arrainen gaziketa eta izozketa dira aipagarrienak.

Beste batzuk ere aipatzeko modukoak dira: metalurgia, untziak konpontzeko tailerrak, galdategi txikiak, izotz-fabrikak, eta abar. Ondarroako herriaren erdian daude industria gehienak, eta besteak berriz, Berriatuako herrian, Gardotza industrialdean.

ZERBITZU SEKTOREA

Portutik aparteko jarduerak oso gutxi dira Ondarroan, eta bereziki nabarmentzen den jarduera zehatzik ez dago. Dena den, barruko herriekin komunikatzeko erliebeak ezarritako zailtasunengatik denetarik eskaintzen du herriak, Bizkaiko beste herri batzuekin alderatuz gero, behintzat, eskaintza zabalagoa dago Ondarroan bere moduko herri askotan baino. Hala eta guztiz ere, badaude zerbitzu batzuk arrantza arloko erakundeetatik datozenak (Kofradia, Untzijabeen Elkarteak, e.a.).

NEKAZARITZA ABELTZANTZA ETA BASOAK

Laborantzak ez dauka apenas non kokatu, azalera guztia hartuta, oso portzentaia txikia hartzen du nekazaritzarako lurzoruak, izan ere erliebeak oztopatu egiten baitio, aldapa handiez inguratuta eta lautadarik ez dagoelako. Guztiarekin ere, lantzen den apurra tradiziozko nekazaritza da, hau da, ortuariak, bazkagaiak eta antzekoak. Beste aldetik, abeltzantzak aldaketa handiak jasan ditu azken hamarkadetan, laborantzarako abereak lagatzearekin batera nagusitu direlako esnetarako eta haragitarako behi-aziendak. Gaur egun, basoaren egitura berlandatua da, pinuak sartuta, gehienbat. Berezko landaretza ostera, nahiko baztertuta dago, orain, txoko batzuetan baino ez da agertzen. Pinuak ezezik eukaliptua ere errez sartzen ari da klimaren epeltasunak laguntzen du-eta.


  Ondarroa.net © Ondarroako Udala
 Musika enparantza z/g 48700 Ondarroa (Bizkaia)
 Tel.: 94 683 36 72 ·
orokorra@ondarroakoudala.net

Code & Syntax-ek garatutako webgunea Udalerria Web Plataforma erabiliz. 2002.

TESTU HUTSEZKO BERTSIOA | GA