 |

Beka deialdia: Augustin Zubikarai idazlearen biografia
Oinarri orokorrak
Beka deialdien oinarri orokorrak hauek dira:
- Euskaraz idatzitako lan originalak aurkeztuko dira, sekula argitaratu gabeak. Ez da onartuko aurretik saritutako lanik, ez itzulpenik, ez moldaketarik.
- Beka bi emango dira:
a)Augustin Zubikarai idazlearen biografiari buruzko ikerketa beka.
b)Itsasoari buruzko poema antologia sortzeko beka.
- Parte hartu ahal dute norbanakoek nahiz taldeek.
- Parte hartzeko honakoak aurkeztuko dira:
a)Eskatzailearen curriculuma laburra
b)Lanaren aurreproiektua (oinarri berezietan zehaztua)
c)Lagin bat (oinarri berezietan zehaztua)
- Lanen aurreproiektuak hartzeko azken eguna 2006ko otsailaren 28a izango da. Lau kopia bidaliko dira, helbide honetara: Ondarroako Udala - Musika plaza z/g - 48700 Ondarroa. Aurreproiektuak gutun-azalean sartuta aurkeztuko dira egilearen datuak aipatu gabe, ezizena baizik eta gutun-azalean argi zehaztuko da A ala B beka-deialdian parte hartzeko den. Aparteko gutun-azal batean, aurreproiektua bera formatu digitalean eta egilearen datuak jarriko dira: nortasun-agiriaren fotokopia, helbidea, telefonoa eta helbide elektronikoa.
- Ondarroako Udalak izendatuko du epaimahaia. Beka bakoitzak bere epaimahaia edukiko du eta hiruna adituk osatuko dute. 2006ko martxoaren 30a orduko jakinaraziko da haien erabakia.
- Epaimahaiaren iritziz gutxieneko interesik edo kalitatezko lanik ez balego, ez litzateke bekarik emango.
- Baldin eta aurkeztutako proiektuen artean berdinketa gertatzen bada, emakumeak aurkeztutakoari emango zaio lehentasuna, emakumeen presentzia bultzatzeko asmoz.
- Lanaren jabea egilea bera izango da.
- Ondarroako Udalak urtebeteko epean argitaratuko du liburua, lana osorik emandako egunetik aurrera.
- Beka era honetan ordainduko da: diru-kopuruaren erdia adjudikazioarekin batera eta beste erdia ostera, lana amaitu eta epaimahaiak onespena emandakoan.
- Bekaren onarpena idatziz adieraztea. Adjudikazioaren jakinarazpena hartzen denetik 15 eguneko epea izango du horretarako.
- Bekaren adjudikazioa hartu eta urtebeteko epea edukiko du, gehienez, lana amaituta Ondarroako udalari entregatzeko.
- Lanaren garapenari buruzko txosten bat aurkeztuko dio Udalari adjudikaziotik 6 hilabetera. 2006ko urrian, lore-jokoetako egitarauaren barruan bekaren aurkezpena egingo denez bekadunak landutako edukiaren berri emango du jendaurreko ekitaldi batean.
- Betebeharrekin konplitu ezik bekadunak itzuli beharko luke jasotako diru guztia.
Oinarri bereziak
Beka honen helburua hauxe da: idazlearen biografia egitea, erraz irakurri eta erabiltzeko moduan, dibulgazio-liburu gisa.
- Lanak atal hauek jasoko ditu:
a)Augustin Zubikarairen obraren azterlana.
b)Augustin Zubikarairen biografia. Pertsonaren ezaupidea ematen duten alderdiak jorratuko dira, besteak beste, berarekin hartu-emana izandako jendearen iritziak eta gertaerak jasoz.
- Lanaren luzera: 250.000 karaktere (100 orri) DIN A4ko tamainan. Irudiak eta beste aparte.
- Honako hauek osatuko dute aurreproiektua:
a)Lan-gidoi zehaztua, hala nola edukia, egitura, bibliografia...
b)Lanaren lagin bat, 20 orrialdekoa.
- Beka bakarra emango da, 6.000 eurokoa.
|
 |
 |
 |