 |

Konposizio Lehiaketa
Konposizio lehiaketaren arauak honako hauek dira:
- Lehiaketa honen helburua da abesteko errepertorioa sortzea. Musika-lanak profesionala ez den abesbatza misto batek abesteko modukoak izan beharko dira. Bestela esanda, musika-interesa lanen zailtasuna baino garrantzitsuagoa izango da.
- Modalitate bakarreko lehiaketa da: 4 ahots mistoetara eta capella moduan abesteko moduko musika-lanak konposatu beharko dira.
- Aurkeztutako musika-lanak originalak eta argitaratu gabeak izango dira, aurretik beste lehiaketaren batean sarituak izan ez direnak. Ez da onartuko doinu ezagunen harmonizaziorik.
- Musika-lanen iraupena gutxienez 3 minutukoa izango da.
- Musika-lanen testua librea izango da, baina hizkuntza nahitaez euskara izango da.
- Nahi izanez gero, kantu-ziklo bat egin daiteke (musika, testu edo argumentu bateratuarekin), baina abesbatzek hala nahi izanez gero, atal bakoitza bananduta interpretatu ahalko dute.
- Konpositore bakoitzak nahi beste musika-lan aurkez ditzake.
- Musika-lanak helbide honetara bidaliko dira: LORE-JOKOAK AUGUSTIN ZUBIKARAIREN OMENEZ, KONPOSIZIO-LEHIAKETA . Ondarroako Udala - Musika plaza z/g - 48700 Ondarroa
- Musika-lanaren bost kopia aurkeztuko dira. Musika-lanek ez dute jasoko egilearen izenik eta gutun-azal zarratuan sartuta aurkeztuko dira; gutun-azalean soil-soilik musika-lanaren titulua jarriko da. Gutun-azal horren barruan beste gutun-azal bat sartuko da. Kanpoan musika-lanaren titulua jarriko da, eta barruan egilearen izen-abizenak, telefonoa, helbidea, adina, nortasun-agiriaren fotokopia eta biografia laburra jasoko dira.
- 1.500 euroko sari bakarra eta Lore-jokoetako diploma emango dira.
- Epaimahaiak saria hainbat akzesiten artean banatzea erabaki dezake, baina nahitaez eman beharko du saria. Baldin eta aurkeztutako proiektuen artean berdinketa gertatzen bada, emakumeak aurkeztutakoari emango zaio lehentasuna, emakumeen presentzia bultzatzeko asmoz.
- Saria jaso ez baina epaimahaiaren arabera argitaratzea merezi duten lanek 300 euroko aipamen berezia jasoko dute.
- Antolatzaileek argitaratu egingo dute saritutako musika-lana. Epaimahaiaren ustez argitaratzea merezi duten musika-lanak ere argitaratu egingo dira.
- Antolatzaileek jendaurreko emanaldi bat antolatuko dute saritutako musika-lanekin.
- Ondarroako Udalak izendatuko du epaimahaia, eta epaimahaiaren erabakia ezin izango da aurkaratu.
- Musika-lanak aurkeztu eta onartzeko epea 2006ko apirilaren 28a izango da. Epe horretatik kanpo ez da musika-lanik onartuko. Epaimahaia ekainaren amaieran bilduko da, eta erabakia idatziz jakinaraziko dio irabazleari. Sariak urrian banatuko dira.
- Musika-lanak argi eta garbi idatzita aurkeztuko dira, tinta beltzez eta A4 formatuko orri zenbakituetan. Ezohiko oharpen edo notazioan idatzitako musika-lanek idatzitako azalpena izan beharko dute.
- Antolatzaileek saritutako musika-lanak irabazteko asmorik gabe argitaratu eta zabaltzeko eskubidea izango dute, eta egileek ez dute eskubiderik izango inolako diru-prestaziorik jasotzeko.
- Epaimahaiak erabakiko ditu oinarri hauen gainean egon daitezkeen zalantza eta arazoak.
- Lehiaketara aurkeztutako musika-lanak ez zaizkie parte-hartzaileei atzera bidaliko, eta antolatzaileen esku geldituko dira zabaldu ahal izateko, egilearen ezezkorik ez badago behintzat. Halakorik balego, egileak 2 hilabete izango ditu bere ezetza idatziz azaltzeko, sariak jakinarazten diren unetik.
- Lehiaketan parte hartzen dutenek ontzat hartzen dituzte aipatu arau guztiak.
|
 |
 |
 |