
Augustin Zubikarai sariaren irabazleak
Irati Jimenezek irabazi du Augustin Zubikarai sariaren bosgarren deialdian
Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Augustin
Zubikarai nobela laburren lehiaketa Irati Jimenez idazle mundakarrak irabazi
du bosgarren deialdian, Bat, bi, Manchester lanari esker. Berak jasoko
ditu sariaren 4.500 euroak eta urrian kaleratuko du eleberria Elkar
argitaletxeak, Augustin Zubikarai zenaren omenezko lore-jokoekin batera.
Hala erabaki zuten epaimahaia osatzen zuten hiru
idazleek: Miren Agur Meabe, Kirmen Uribe eta Xabier Mendiguren Elizegik.
Bat, bi, Manchester maitasun ezinezko baten kontaketa da nolabait ere:
maitasunagatik Manchesterrera joan zen gizonezko gazte euskaldun bat da
kontalaria, lanbidez itzultzailea, homosexual aitortua eta idazle izan nahi
lukeena. Bere maiteak alde egin ostean, beste mutil euskaldun batekin
banatuko du apartamentua: Aitor, bizitzan dena erraza izan zaion tipo
guapoa... baina heterosexuala. Adiskidetasun estu bat sortuko da bien
artean, baina desira bete ezinaren itzala sumatuko da uneoro.
Nobelan badira
beste gai eta pertsonaia batzuk ere, idazlanari sakontasuna eta aberastasuna
ematen laguntzen dutenak.
Irati Jimenez Mundakan jaio zen, 1977an, eta Barakaldon bizi da gaur egun.
Edorta Jimenez idazlearen alaba. Kazetaritza ikasi zuen eta lanbide horretan
dihardu EITBn ordezkapenak eginez. Liburu bat egina du orain baino lehen:
Malcolm X haurrentzako biografia, Txalaparta argitaletxeak plazaratua.
Augustin Zubikarai idazle handiaren izena daraman nobela laburren lehiaketa
honek bosgarren deialdia du aurtengoa.
- Lehenbizikoan Alberto Ladron Arana
iruñearrak irabazi zuen "Xake Mate" nobelarekin,
- bigarrena hutsik geratu zen,
- hirugarrena ex-aequo banatu zen Fernando Morilloren "Gloria Mundi" eta Iñaki
Irasizabalen "Burua txoriz beterik"-en artean,
- eta laugarrena Julian Peñak
eskuratu zuen "Apologia" lanarekin.
Seigarren deialdirako obrak aurkeztu
litezke dagoeneko, Ondarroako Udaleko euskara zerbitzura bidalita 2006ko
abenduaren 1a aurretik.
|