Ondarroako Udala castellano  
Web mapa »  
  ALBISTEAK  Hemen zaude:   Sarrera »  Albisteak - Noticias »  Irradaka lana martxoaren 7rako
»

Itzuli albisteetara »


2008-03-05 / 17:09

Irradaka lana martxoaren 7rako

ondarroa_berria.jpg

Ondarroako Emakumeen Udal Berdintasun Kontseiluak ekimen ugari prestatu ditu martxoaren 8aren inguruan Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatu eta emakumeen eskubideak aldarrikatzeko eta berdintasun errealaren alde lan egiteko.

Ekimenak martxoaren 7an hasiko dira Irradaka ikuskizunarekin. Ostiral honetan, gaueko 22:00etan herriko Kafe Antzokian, hainbat emakumezko arituko dira eskenatokian.

PARTAIDEAK:

  • Emakume idazleak. - Parte hartuko duten idazleak: Aintzane Arrieta (Aulesti), Yolanda Arrieta (Etxebarria), Leire Bilbao (Ondarroa), Yolanda Larreategi (Markina), Miren Agur Meabe (Lekeitio), Maribi Unamuno (Aulesti) eta Ana Urkiza (Ondarroa)
  • Irakurtzen dutenak: Emakumeentzako jabekuntza Eskolako ikasleak (Munduko emakumeen literatura ikastaroa).
  • Emakume Margolariak: Nagore Agirre, Nekane Akarregi, Angela Etxebarria eta Josune Laka.
  • Emakume musikariak: Nekane Etxebarria (soinua), Esther Gabiola (biolina) eta Uritze Laka (flauta).

Ondarroako emakumeentzako jabekuntza eskolako ikasleak aurkezle izango dira, Munduko emakumeen literatura izeneko ikastarokoak hain zuzen ere. Eurekin batera Aintzane Arrieta, Yolanda Arrieta, Leire Bilbao, Yolanda Larreategi, Miren Agur Meabe, Maribi Unamuno eta Ana Urkiza idazleek eurek ekitaldirako bereziki sortutako edo lehendik idatzitako testuak irakurriko dituzte: ipuin laburrak, olerkiak, aldarrikapena.....bakoitzak aukeratzen duena.

Hauez gain Nagore Agirre, Nekane Akarregi, Angela Etxebarria eta Josune Laka, margolariek panel bat margotuko dute; Nekane Etxebarria soinu-joleak, Esther Gabiola biolin-joleak eta Urritze Laka flauta-joleak musika saioa eskainiko dute; guztia Gotzone Elu argazki-kamararen begiradapean.

Kulturari eta arteari dagokionez, estrategikotzat jotzen da emakumeek egindako sormen eta produkzio kulturala sustatzea. Hala, emakumeek gizarteari egindako ekarpena integratuko eta baloratuko duen kulturara iritsi nahi bada, jendartearen ikuspegi ez sexista dituzten planteamenduak sortzea eta ikustaraztea dugu helburu.

Emakume artistek oso entzute txikia izan dute gizartean, haien lanak gizonenak baino gutxiago preziatzen dira, eta oso zaila izaten da arte-liburuetan emakumeen lanak aurkitzea. Lan horiek eremu pribatuetan geratu dira, eta emakumeen teknikak arte txikitzat hartu izan dira

Emakumeak esparru publikotik at egon dira historikoki. Literatura gizonen arloa izan da eta emakumeak, ikasketatik hasita, irakurketatik eta idazketatik baztertuak izan dira. Mendeetan, emakumeen sarbidea irakurketara debekatu eta zaildu egin zen. Egoera honetan, emakumeek betidanik idatzi arren zailago izan dute bere lana plazaratzea.

Gaur egun ezaguna da emakume batzuek ezkutuan idazten zutela, gizonek sinatutako lanak eginez, gizonezkoen ezizenekin sinatuz .... Nahiz eta garai batean idaztearena ez zen emakumeentzako lanbide bat eta praktika hura orduko arauen kontra joan, emakume idazle batzuek mugimendu feministan eragina handia izateaz gain, literatura unibertsalean ezagunak eta arrakastatsuak izatea lortu dute. Horren adibide argia, Simone de Beauvoir dugu. Aurten 100 urte betetzen dira jaio zenetik.

Euskal Herrira hurbiltzen bagara, Mª Jose Olaziregik hurrengoa esaten du: Euskal literaturaren historian emakumezkoak ez dira existitu eta hurrengo argudioak ematen dizkigu sistemaren periferian egon dira, beraien lanei buruzko ikerketa falta izugarria dago, eta amaitzeko ekarpen eskasa egin diotela euskal literaturari historiagileek ez dituztelako emakume idazleak kontuan izan. XV eta XVI. Mendeetako eresien egileak (ahozko literatura) emakumeen lehenengo agerpena: Butroeko Gomez Gonzalezen alaba, Ozaetako Santxa, Lasturko Miliaren ahizpa ...

Etxera itzuliz, hara hemen, Azkoitian jaio eta Markinan bizi izan zen beste andrazko bat: Bizenta Antonia Mogel, 1804an, andre aitzindaria euskaraz argitaratzen, Ipui onak liburuarekin. Emakumeak ilunpean zeuden sasoian, Bizentak ausardiaz eta naturaltasunez jakin zuen aprobetxatzen esku arteko aukera. Berrehun urte geroago, zertan ote dabiltza gaurkoak?

Honen bidez emakumeoi (ezkutuan irakurri dutenak, ezkutuan idatzi dutenak, ikusezinak izan direnak....) omendu nahi dira, gaur egungo idazleen bitartez. Eta beraiekin batera kulturaren beste arlo batzutan aritzen diren emakumeei protagonismoa ematen: margolariak eta musikariak.


  Ondarroa.net © Ondarroako Udala
 Musika enparantza z/g 48700 Ondarroa (Bizkaia)
 Tel.: 94 683 36 72 ·
orokorra@ondarroakoudala.net

Code & Syntax-ek garatutako webgunea Udalerria Web Plataforma erabiliz. 2002.

TESTU HUTSEZKO BERTSIOA | GA