11/03/2008 - 12:37
"Los Monólogos de la Vagina" antzezlana
Ondarroako Emakumeen Udal Berdintasun Kontseiluak martxoaren 8aren inguruan prestatu dituen ekimenen artean, ostegun honetan, martxoak 13, "Los Monólogos de la vagina" antzezlana ikusteko aukera izango da 20:00etatik aurrera, Kafe Antzokian. Lana Basauriko emakumeentzako jabekuntza eskolako ikasleen eskutik dator eta sarrerak 3 euroko kostua izango du.
"Los Monólogos de la Vagina" Eva Ensler estatubatuarrak idatzitako testua da eta 200 emakumezko baino gehiagori egindako elkarrizketetan oinarritzen da, duela 10 urte baino gehiago antzezten delarik. Lanean ikusi ahal diren 16 bakarrizketek adin, gizarte maila zein jatorri desberdinetako emakumeen azalean jarriko dute ikuslea. Batzutan umorea erabiliz eta beste batzutan mina edo amorruaren bitartez beraien desiorik sutsuenetaz hitz egingo dute eta baita ere euren baginekin zerikusia duten bizipen zein hausnarketa sakonenetaz.
Antzezlan hau "Día V. Biolentzia amaitu arte" izeneko kanpainaren barruan kokatzen da. Día emakume zein neska gazte edo haurren kontrako biolentziarekin amaitzeko mugimendu globala da. Katalizatzaile bat da kontzientzia pizteko, dirua batzeko eta biolentziaren kontra borrokatzen duten erakundeen izpiritua berpizten duten sormenezko ekitaldiak sustatzen ditu.
Ondarroako ekitaldiaz gain, "Los Monólogos de la vagina" ostiral honetan, martxoak 14, baino ez da berriz egingo, kasu honetan Basauriko Sozial Antzokian. Muntaia osoa Basauriko Jabekuntza Eskolako ikasleek egingo dute eta azpimarratzeko da sarreren salmentarekin batzen den dirua Argitan eta Las Dignas izeneko erakundeen artean banatuko dela. Biak emakumeen kontrako biolentziaren kontra lan egiten duten taldeak dira.
|