12/03/2008 - 12:03
Kamiñalde-Iturribarriko 19 etxebizitzak
Ondarroako Udalak Kamiñalde-Iturribarriko 19 etxebizitza tasatu zozketa bidez saltzeko betekizunen arautegia onartu du
Honekin biztanleek prezio egokian etxebizitzak izateko duten beharrizanari erantzuna ematen zaio, izan ere hauxe da udalerriak duen arazo sozial garrantzitsuenetako bat.
Etxebizitzen prezio garestiek arazo handia sortzen dute, populazioaren zati handi batek etxe bat erosi ezinik geratzen direlarik. Egoera hau dela eta Ondarroako Udalak neurriak hartu behar izan ditu herritarrek etxebizitza duin eta egoki bat izateko duten ametsa egi bihurtzeko. Jakina da sustapen libreko etxebizitzen prezioek baztertze eragin bikoitza sortzen duela: etxebizitza librea eskuratzeko diru-sarrera nahikorik ez duten gizarte taldeak eta, aldi berean, babes ofizialeko etxebizitzak erosteko aukerarik ez dituztenak EAEko arautegiak ezartzen dituen baldintzetan markatzen diren gehienezko diru-sarrerak gainditzen dituztelako. Arazo hau ezagututa, Ondarroako Udalak 19 etxebizitza tasatu saltzeko baldintza eta betekizunak ezartzen dituen arautegia onartu du gaur egindako Osoko Bilkuran.
Honenbestez,19 etxebizitzetarako ezarritako salmentaren prezioa 270.000 eurokoa da (etxeek 82 metro koadro dituzte, eta garajea eta ganbara ere bai).
Etxebizitza egokitzen zaien onuradunek ezin izango dute eduki 49.500 euro baino gehiagoko diru-sarrera ponderaturik urtean. Bestalde, urteko gutxieneko diru-sarrera ponderatuei dagokienez, 9.000 eurotik gorakoak izan beharko dute.
Udal Etxebizitza Tasatuen onuradunak izateko bizikideetako bat gutxienez adin nagusikoa izatea derrigorrezkoa da, eta ez da bizikidetze unitate moduan hartuko lagun artekoa edo interesen arabera sortutakoa. Derrigorrezkoa izango da, baita ere, hauetakoren bat Ondarroan erroldatuta egotea, gutxienez hiru hilabetez aurreko bost urteotan eta etxebizitza eskatzaileen Udal Erregistroan izena emanda egotea.
Gainera, derrigorrezkoa izango da Udal Etxebizitza Tasatua egokitzen zaienek beste etxebizitzarik ez izatea Bizkaiko Aldizkari Ofizialean esleipendunen aukeraketarako deialdi espezifikoa egiten den egunetik baino aurreko bi urteetan, Horrela ulertzen da jabetza-transmisioan banatuko diren 19 etxebizitza horiek titularren ohiko bizileku finkoa izango dela, eta ezin izango dela beste pertsona batzuei utzi, utzik geratu edo bigarren etxebizitza moduan erabili.
Laster Ondarroako Udalak deialdi publikoa egingo du Notarioaren aurrean egindako zozketa publikoaren bitartez etxebizitzon erosleak aukeratzeko betekizunak betetzen dituzten interesatuen artean.
|