28/03/2008 - 16:31
Alleriko urbanizaioari ekiteko akordioa Eusko Jaurlaritzarekin
Ondarroako Udalak akordioa sinatu du gaur Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaien Sailburuarekin Alleriko urbanizaioari ekiteko
Honen bitartez bostehun etxebizitza inguru egingo dira
Ondarroako Udaleko Batzar Aretoak Udala eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza saileko sailburu den Javier Madrazoren arteko sinadura hartu du gaur eguerdian. Honen bitartez bi erakundeak Alleriko gunean egingo diren etxebizitzen urbanizazioa bien artean elkarlanean egiteko akordioa gauzatu dute. Udalaren proiektuak bertan 487 etxebizitza egitea aurreikusten du, euretako gehienak babes publikokoak.
Ondarroako Udalak herritarrei etxebizitza duina lortzea du helburu nagusi moduan eta, hauek dituzten prezio altuak ikusita, nahitaezkoa ikusten du Babestutako Etxebizitzak sustatzeko Gizarte Politika bat garatzea, ondarrutar guztien interes sozialak babestu eta asetzeko. Udalak lehentasun moduan hartu du Alleriko Hirigunean Babeseko Etxebizitzak (Babes Ofizialeko Etxebizitzak eta Tasatutako Udal Etxebizitzak) urbanizatzea eta eraikitzea legegintzaldi honetan.
Ekintza publiko hau garatzeko Udalaren osoko bilkurak Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailarekin Lankidetza Hitzarmen bat egitea erabaki zuen 2008ko urtarrilaren 31n, eta horixe da astelehenean sinatuko dena. Etxebizitza sailak bere Elkarte Sustatzaile Publikoaren bitartez (VISESA) jardungo du eta ekimenak urbanizazio osoa egitea hartuko du lehen fase baten, eta bigarrenean Babeseko Etxebizitza kopuru handi bat eraikitzea (Babes Ofizialeko Etxebizitzak eta Tasatutako Udal Etxebizitzak).
Hitzarmen honen bitartez Ondarroako Udalak eta Etxebizitza Sailak konpromisoa hartzen dute Babes Publikoko etxebizitza kopuru handi hau eraikitzeko beharrezkoak diren planeamendu, kudeaketa urbanistiko eta urbanizazio lanak elkarrekin sustatzeko.
Aieriko bizitegi-gunea Lurzoru Urbano moduan kalifikatuta dago eta 13,33 hektarea ditu. Bertan hektarea bakoitzeko 50 etxebizitza sartzeko dentsitatea dago eta horregatik bostehun bat etxe egitea aurreikusten da, gehienak Babes Publikokoak. Horiez gain elkarteko ekipamenduak ere egingo dira, Lankidetza Urbanistikoko Sistemaren formularekin aurrera aterako direnak.
|