Ondarroako Udala euskaraz  
Mapa web »  
  NOTICIAS  Estás aquí:   Inicio »  Albisteak - Noticias »  "Mandatariaren gerra" lanaren argitalpena aurkeztu da
»

Volver a las noticias »


17/04/2008 - 14:25

"Mandatariaren gerra" lanaren argitalpena aurkeztu da

Augustin Zubikarai Nobela Laburren irabazle atera zen Mandatariaren gerra lanaren argitalpena aurkeztu zuten atzo

Atzo goizean Jose Inazio Basterretxeak idatzitako nobelaren aurkezpena egin zen. Basterretxeak Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Augustin Zubikarai nobela laburren lehiaketa irabazi zuen "Mandatariaren gerra" lanarekin, eta horren sari moduan, 5.000 euro poltsikoratzeaz gain, eleberria argitaratu da.

Zazpigarren deialdia irabazi duen idazle galdakoztarrarekin batera, aurkezpenean Gotzon Lobera, Ondarroako Udaleko Euskara Batzordeburua; Xabier Mendiguren, Elkarreko editorea; eta Miren Agur Meabe idazlea ere izan zen. Ekitaldia Bilbon izan zen Zamudio Atarian Elkarrek duen dendan.

Mandatariaren gerra eleberria Espainiako gerra zibilean giroturiko espioitza-nobela da. Zehazki 1938an eta Pirinio Zentralean gertatzen dira ekintzak, mugaren alde batean zein bestean, interes politikoak, ekonomikoak eta are maitasun-istorioren bat ere tartekatzen den mataza interesgarrian. Kontatzeko erari dagokionez, berriz, gertaeretatik 20 urtera Mexikon argitaratutako erreportaje-sorta baten itxura eman dio idazleak, generoen arteko jolas moduan edo.

Bere egilea, Jose Inazio Basterretxea Polo, Galdakaon jaio zen 1959an eta Zaratamon bizi da gaur egun. Informazio-zientzietan doktorea eta kazetaritza-irakaslea da EHUn. Bere arlo akademikoko hainbat saiakeraz gain, fikziozko bi liburu kaleratu ditu orain arte: Falo zantarra (Jaone Barolo ezizenaz kaleratua 1988an) eta Marearen erraietan (2006).

Ondarroako Augustin Zubikarai nobela laburren sariaren irabaleak:

  • Alberto Ladron Arana "Xake Mate" (2001)
  • hutsik (2002)
  • Fernando Morillo "Gloria Mundi" eta Iñaki Irasizabal "Burua txoriz beterik" (ex-aequo) (2003)
  • Julen Peñagarikano "Apologia" (2004 )
  • Irati Jimenez "Bat, bi, Manchester" (2005)
  • hutsik (2006)
  • Jose Inazio Basterretxea "Mandatariaren gerra" (2007 )

Aurkezpen-ekitaldian bertan aurkeztu zuten antolatzaileek VIII. edizioko deialdia. Aldaketa bat, behintzat, izango duena: Ana Urkiza idazlea izango da epaimahaikide, Miren Agur Meabe idazlearekin eta Xabier Mendiguren editorearekin batera. Sariaren diru-kopuru gordina, ostera, 5.400,00 eurokoa izango da eta, ohi den bezala, nobelak aurkezteko epea 2008ko abenduaren 1era artekoa.


  Ondarroa.net © Ondarroako Udala
 Musika enparantza z/g 48700 Ondarroa (Bizkaia)
 Tel.: 94 683 36 72 ·
orokorra@ondarroakoudala.net

Desarrollado por Code & Syntax utilizando la Plataforma Web Udalerria. 2002.

VERSIÓN SÓLO TEXTO | EU