13/05/2008 - 18:52
Uren emaria neurtzeko tresna Gorozika auzoan
Ondarroako Udal Kudeaketa Taldeak Gorozika auzoko Ur Edangarrien Araztegiaren irteeran uraren emaria neurtzeko gailu bat jarri du, horrela udalerrian zenbat tratatutako ur banatzen den jakiteko.
Honen aurretik beste aparailu bat zegoen, baina orain dela bi urte baino gehiago da izorratu zela eta honenbestez denbora honetan ezin izan dira egin honen estatistikarik.
Udal Kudeaketa taldeak, Europako Uraren politikaren berri izanik eta Ondarroak ur-hornikuntzan eta saneamenduan duen egoera aztertu ostean, Bilbao-Bizkaia Uren Partzuergoan sartzea erabaki zuen iragan abenduan. Honekin ondarrutarren egoera bizkaitar guztien parekoa izatera pasatu zen, eta horrela lortu da populazio txikia duen herriak herrialdeko biztanle guztien laguntza izatea beharrezkoak diren lanak egin ahal izateko, Ondarroak bakarrik egin ahal izango ez zituen lanak.
Europako Uren Zuzendaritzaren arautegiak adierazten du erabiltzaile bakoitzak bere ur kontsumoari dagozkion kostuak ordaindu behar dituela. Baina ordaindu beharreko diruak ur baliabideen erabilera hobea egitera motibatu behar du, horregatik prezio hori kontsumitzen den ur kopuruarekin lotuta egon behar du –horregatik da garrantzitsua jarri den ur-emariaren neurgailua-, edo dakarren kutsadurarekin. Zerbitzuko kostuetan sartu behar dira baita ere kostu finantzarioak eta zuzeneko kostuak, bertan ura eman eta administratzea, ustiapena eta mantenua ere sartuko ziren. Baita ere kapitalaren gastuak, ingurumen kostuak, uraren erabilerak ekosisteman sortzen dituen kalteen gastuak, eta baita beste erabiltzaile batzuei baliabide aukera hau kentzegatiko kostuak.
Europako ur baliabideek gero eta presio gehiago eta handiagoak dituzte, horregatik berebizikoa da lege eraginkorrak erabiltzea arazoei era argi baten aurre egiteko eta baliabide hau datozen belaunaldiei helarazteko. Hau da Europako Uren Zuzendaritzak bilatzen duena eta bere arautegia 2010 urtetik aurrera derrigorrez bete beharko da, eta 2015erako “egoera ekologiko ona” eta erabilera eramangarria izan beharko dute europako ur guztiek. Hogei hilabete geratzen dira, beraz, Ondarroako udalerriko uren prezioak egokitzeko.
Erakundeek saneamenduan egindako inbertsioengatik 2.500 euroko aurrezkia ondarrutarrentzat
Ondarroako ur hornikuntzak Altako Sarea du gaur egun. Bertan sartzen dira Ursalto, Basozabal, Plazakorta, Isasiarte, Garramiola, Abade, Olaberreka, Munabe-Allanda, eta Artibaiko ur-hartzeak; baita ere Gorozikako Ur Edangarrien Tratamendurako Estazioa; Orubixe eta Gorozika 1 eta 2-ko gordailu erreguladoreak. Sare honen zati bat ez dago erabilgarri eta Zaldupeko futbol zelaia ureztatzeko erabiltzen da, bere berritzea Tokiko Agenda 21 programak finantzatu ostean. Bertan daude ere Zaldu eta Fraierrekako ur-hartzeak. Baina Bajako Sarea ere badago, erregulazio gordailuetatik etxeetaraino ura banatzeko tutuekin.
Gainera Ondarroako Uren Saneamendurako Sistemak ere badu bere Altako Sarea, Iturribarri-Kakalekuko kolektore-hartzailearekin; eta Iturribarri, Merkatu eta Alamedako punpatzearekin; eta Bajako sarea, estolderiarekin.
2002ko uztailaren 22an Finantza Publikoen Euskal Kontseiluak “2003-2007rako Inbertsio, Publikoan laguntzeko laguntza finantzarioaren egitasmo markoa” onartu zuen, ur eta errepideen azpiegiturak finantzatzeko. Finantzatu beharreko lanen barruan Ondarroako saneamendurako lan batzuk daude. Esate baterako, Galtzuarango Hondakin Uren Garbiketarako Estazioa; eta estazio horretara hondakin urak eramateko bi lineak egiteko lanak. (Hauek 4 kilometro izango dituzte; lehenak zabalguneko punpatze estaziotik eramango lituzke urak Kamiñazpi, Errenteria eta Gardotzako poligonotik. Hau osatzen dute Gardotza-zabalgune zatiko hodi-biltzaile nagusiak; Errenteriko eta Kamiñazpiko kolektoreek; Kamiñazpiko gainezkabideak; Kamiñazpi-zabalgune zatiko hodi-biltzaile nagusiak eta zabalguneko punpatze estazioak. Bigarren lineak moilako punpatze estazioa hartzen du, Ondarroako gainontzeko ur emaria eramango duena; eta “Ekaitzetarako ontzia” egitea, Kafeatze inguruan. Bertan lehen euri-urak gordeko dira, kutsadura handiena dutenak, handik Galtzuarango EDAR-era eramateko, zuzenean itsasadarrera bota barik).
Ekimen guzti hauen finantzazioan Bizkaiko Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Europako Batasunak parte hartzen dute, azken honek FEDER fondoen bitartez. Guztira 24 milioi euroko inbertsioa suposatzen dute, Ondarroako herriarentzat aurrezki eta ondura handia ekarriz. Izan ere, bakarrik egin behar izan ezkero, ondarrutar bakoitzak 2.500 euro jarri behar izango zukeen bere poltsikotik.
|