14/05/2008 - 12:59
Hondartzain bi Arrigorriko hondartza zaintzen Udan
Hondartzain bi izango dira Arrigorriko hondartza zaintzen, ekainaren 1etik urriaren 15era arte
Ekainaren 1ean hasiko den hondartza sasoian bi hondartzain izango dira Arrigorri hareatza zaintzen. Hondartza egunero atenditu behar da, 11:00etatik 20:00etara, horregatik pertsona kopuru hori behar da lan hori egiteko.
Ondarroako Udaleko Kudeaketa Taldeko buruak Bizkaiko Foru Aldundian eskatu zituen hondartzainak kontratatzeko dirulaguntzak, foru erakundeak horretarako aukera eman baitzuen hondartzak dituzten udalerrientzako atera zituen laguntzekin.
Postua lortzeko interesa zutenek salbamendu eta sorospen titulua izan behar zuten eta baita lehen laguntzetako titulua, B motako gida-baimena eta euskaraz jakin. Maiatzaren 9an plaza biak Jose Muruetagoiena Scola eta Eneko Gaztelurrutia Solabarrietari esleitu zitzaizkien.
Hilabetea amaitzeko falta diren egunetan Aldundiak beharko duten arropa eta euren lana betetzeko prestakuntza ikastaroa emango dizkiete bi mutil hauei. Hauek dira egin beharko dituzten lanak: hondartza eta laguntza gunea zaindu; instalazioak eta mobiliarioaren erabilera ona egiten dela bermatu eta bere funtzionamendua aztertu; erabiltzaileen kexa eta iradokizunak jaso eta tramitatu; edota hareatzaren garbitasuna kontrolatu, aztertu eta informatu. Guzti hauez gain, hondartzara egunero zenbat jende doan jakinaraziko dute (zenbatzeko tresna bat emango zaie horretarako), eta banderen egoeraz edo gerta litekeen edozein ezbeharrez informatuko dute (ur-hondakinen isurtzeak, hildako animalia edo produktu arriskutsuak agertzea, edo instalazioetan pertsonek izandako ezbeharrak).
Lan hau Udalarekin koordinatuta egingo da, Udaleko ISO 9000 eta 14001 ziurtagirien arduradunaren eta Udaltzaingoaren bitartez, eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin, Bizkaiko hondartzen arduradunaren bitartez. Hauez gain larrialdietarako telefonoak, hondartza garbituko duen enpresa eta Ertzaintzarekin ere lan egingo da.
|