25/08/2008 - 11:53
Ondarroako Hiri Zeharbidearen hirugarren fasea
Ondarroako Hiri Zeharbidearen hirugarren fasean galtzada eta espaloien gaina berritu eta berdegunea egitea aurreikusten du
Hiri zeharbidea berritu eta egokitzeko proiektuaren hirugarren faseak (Zubi Barritik eta Zumardirainokoa; Erribera, Nasa era Kantoipek aleak zeharkatuz) galtzada eta zenbait espaloi berritzea eta elizaren azpian berdegune bat jartzea aurreikusten du. Planak 740.000 euroko aurrekontua du eta Udaleko Hirigintza, Lan eta Zerbitzuen sailak irailaren erdialdean esleitzea aurreikusten du, urriaren hasieran martxan jartzeko.
Egitasmoak lehendabizi galtzadaren gaina kendu eta kareharrizko galtzadarriak jartzea aurreikusten du zati horretako 350 metroetan. Bide hau Alde Zaharraren albotik doa eta ingurune horrekin bat egiten duen itxura bat eman nahi izan zaio honekin. Lanak Erribera kaleak eta Zubi Barriak bat egiten duten bidegurutzean hasiko dira, Musika etxearen parean hain zuzen ere, eta Zumardian amaituko dira. Gune hau Alde Zaharraren alboan dago eta bertako PERIk eragina du bertan. PERIk Musika Plaza egokitzea aurreikusten du Udaletxea eta bertako harmailak botaz, horregatik oraingo lanak hemen amaituko dira bertako lanen diseinua eta exekuzioa egin bitartean.
Galtzadaren zabalera estutu egingo da, 3,25 metrokoa izatera pasatuz, gaur egun zati batzutan dauden sei metroen aldean, esate baterako Kantoipeko bihurgunean. Zama eta hustuketarako aparkalekuak mantenduko dira (zorua granitozko galtzadarriekin desberdinduko da) et abeste bat egokituk oda Kantoipen, Kafekoatzeko kalexkaren parean.
Beste alde batetik, egokitzeke dauden espaloiak ere berrituko dira bertan. Horrela Erribera kaleko bakoitien aldea eta Kantoipeko bikoitiena konponduko dira. Materiala orain arte erabili den baldosaren modukoa izaten jarraituko du.
Fase honetako berritasunik aipagarriena elizaren beheko aldean egingo den 350 metro koadroko berdegunea izango da. Lorategia eta espaloia banatzeko banku luze bat jarriko da. Berdegunean belarra, zuhaixkak eta bestelako apaingarriak jarriko dituzte, baina zuhaitzik ez, ez direlako ezkutatu nahi elizaren horma eta horma-bularrak. Uhaitzak bai izango direla Nasak aleko barrualdeko espaloian.
Ondarroako Udaleko Hirigintza, Lan eta Zerbitzuen sailak lizitaziora atera ditu exekuzio lanok eta eskaintzak aurkezteko epea irailaren 1ean amaituko da, hauen irekiera hurrengo egunean egingo delarik, eguerdiko 13.00etan. Lizitaziorako oinarrizko aurrekontua 748.525,50 eurokoa da eta irabazten duen enpresak zortzi hilabeteko epea izango du hauek amaitzeko.
Lan hau proiektu osorako aurreikusten zen hiruretako bat da. Besteen artean lehena zubi zaharraren argiztapena da, dagoeneko amaituta dagoena eta bakarrik argien norabidea eta hauen indarra egokitzea baino ez dela falta. Bestalde, Kafekoatze eta Kantoipe kaleen egokitzapena ere badago. Hemen Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen sailak ekaitzetarako gordailu bat egingo du (urte amaierarako arinen jota egingo dena) eta honen ostean Ondarroako Udalak lur gaineko aparkaleku bat egingo du, 50 bat autorentzako lekua izanik. Erabilera hau egokitzat hartu da lurpeko instalzio baten gainean egongo delako, makineria eta guzti. Inguru honetarako sarbidea Kantoipeko bihurgunetik egingo da eta aparkalekuak bateria eran jarriko dira noranzko egokian sartzen diren autoentzako eskuragarri izateko eta debekatutako noranzkoan etor litezkeen autoen kalterako.
|