14/08/2008 - 13:22
Aurrekontua 1.483.450 eurotan gehitzea onartu da
Ondarroako Udalak urteko aurrekontua 1.483.450 eurotan gehitzea onartu du
Ondarroako Udalak 2008ko ekitaldirako bere aurrekontua 1.483.450 eurotan igotzea onartu du. Urte hasieran 24.527.135 euroko aurrekontua onartu ostean, gastuan sortutako beharrizan batzuk inbertsio partida batzuk gehitzera derrigortu dute.
Aldaketarik aipagarrienak Kamiñaldeko urbanizazioari dagozkionak dira, 300.000 euroko balioarekin. Horrez gain, nabarmentzekoa da Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ongizate sailera egin beharreko ekarpena eguneko zentroa, zaharren egoitza eta gizarte zerbitzuetarako udal bulegoa egiteko. Guzti hau eraikitzeak 2.853.640 euroko kostua izango du, baina Udalak 265.640,28 euro baino ez ditu ordaindu beharko, hain zuzen ere gizarte zerbitzuetako Udal Bulegoak jartzeko gastuak.
Hezkuntza zentroetan egin beharreko inbertsioei dagokienez, lehenengo eta behin Haurreskola-Partzuergoari dagozkionak aipatu behar dira, izan ere lokalak klimatizatzeko 8.000 euro zeuden aurreikusita eta beharrizanek beste 33.013,85 euro gehiago zuzentzera derrigortu dute, teilatua konpontzeko beste 13.920 euroez gain. Zaldupeko eskolarako 52.657 euro zuzendu dira aurrefabrikatutako batzuk jartzeko eta 6.424 gordailua garbitzeko. Azkenik, Artibaiko haurreskolak 13.981,98 beharko ditu klimatizaziorako eta 6.960 teilaturako.
Prestakuntza ez-arautuaren kasuan, KZgunea San Ignazio kalean egokitzen ari diren bulegoetan martxan jartzeak 74.626,98 euroko diru-sarrera beharko du, funtzionamendu eta mantentzerako beste 6.480 euroz gain.
Udalaren modernizazioak eta informatizazioak 66.225 euroko inbertsioa ekarriko du, izan ere 37 ordenagailu erosi dira eta baita hauentzako kableak sartu eta zerbitzari zentrala, lizentziak eta erabilerarako programak eskuratu ere. Aipagarria da, baita ere, funtzionarioen taldean udal arkitektoko plaza sortu dela, horretarako dagokion diru-partida sortu delarik. Horrez gain, Lea-Artibaiko Amankomunazgoari egin beharreko ekarpena igo egin da 82.755 eurorekin.
Azpiegiturei dagokionez, Gorozika auzoko bidearen eta urbanizazioaren konponketarako 60.320 euro zuzendu dira. Beste alde batetik, polikiroldegiak bere 82.400 euroko hasierako aurrekontu partida gehituko du beste 84.866,78 eurorekin teilatua konpontzeko. Gainera, beste 66.756 euro zuzenduko dira igerileku hobetzeko, hasierako 29.850 euroez gain.
Kontuan hartu behar da ekitaldi hasieran egiten diren aurrekontuetan agertzen diren kopuruak aurreikuspenak izaten direla eta urtean zehar ezinbestekoa izaten da kreditu aldaketak egitea inbertsioen atalean sortzen diren beharrizan eta proiektu berriei aurre egiteko.
|